logo

ERNAIrekin batera Gazte Boterea aztertzen jarraitzen dugu

There are no translations available.

Ikasturte honetan Gazte Boterearen inguruko azterketa egiteko lan-talde bateratu bat martxan jarri izan dugu GITE-IPES eta Ernai-ren artean. Gabonetan eztabaida-taldeak burutu genituen Bilbon, Tolosan, Iruñean, Gasteizen eta Baionan. Udaberrian lan guzti honen lehen ondoriak izango ditugu eta udan UEU-ko (Udako Euskal Unibertsitatea) udako ikastaroen egitarauaren baitan Gazte Boterearen inguruko ikastaro bat antolatzea adostu dugu.



Gure eguneroko jardun politikoak eraman gaitu hausnarketa honetan murgiltzera. Zertaz ari gara Gazte Botereaz aritzerakoan? Zer da gazte izatea? Gazteria existitzen al da? Zer zapalkuntza pairatzen ditugu gazteok? Nola irauli zapalkuntza hauek boterea eskuratuz ez bada? Bada, galdera hauei erantzunak eman asmoz ekin diogu Gazte Boterearen inguruan hausnartzeari.


Baina, zer esanik ez, abiarazitako eztabaidaren funtsa ez da erantzun borobilak ematea. Oinarri teorikoa sendotu eta eztabaida Gazte Mugimenduan zabaltzea da egitasmo honen xedea. Eta, zergatik ez, borrokan bidelagun ditugun kide helduekin konpartitzea ere.


Gauzak horrela, ikasturte honetan Gazte Boterearen inguruko azterketa egiteko lan-talde bateratu bat martxan jarri izan dugu GITE-IPES eta Ernai-ren artean. Gune horrek hartu du ez eztabaida bera egiteko ardura, baizik eta eztabaida planteatu, gogoetarako prozedura-metodologia eta markuak eskaintzeko eta ateratzen diren ondorio guztien dinamizatzaile izateko ardura.


Guzti honen lekuko izan ziren gabonetan burutu genituen eztabaida-taldeak Bilbon, Tolosan, Iruñean, Gasteizen eta Baionan. Hainbat gaztek parte-hartu zuten proposaturiko saioetan, eta, ateratako ondorioak azterketa aberasteko emaitza emankorrak izan dira, zalantzarik gabe.


Udaberrian lan guzti honen lehen ondoriak izango ditugu. Haatik, eta azterketa beraren esentziari loturik, modu dinamikoan espazio berriak lantzen jarraituko dugu, eta, zentzu horretan, UEU-ko (Udako Euskal Unibertsitatea) udako ikastaroen egitarauaren baitan Gazte Boterearen inguruko ikastaro bat antolatzea adostu dugu. Ekainaren 28an (asteazkena) izango da, Iruñean, eta egun bateko saioa izango da.


Ikusten duzuenez azpimarra berezia jarri diogu gai honi eta lan honen guztiaren bilduma argitaratzeko asmotan gaude. Eztabaida, hausnarketa eta gogoetarako euskarria izan nahi du; lanabes idelogiko eta teoriko-praktikoa izatea, alegia. Hortik aurrera, dena egiteke dagoelako!